XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

NEGURAKO JANARIA

Urte sasoi guztietako arazoa da, izatez, janariaren arazoa, udaberria edo uda, udazkena edo negua izan.

Elikagaien premia eta beharra ez dira berdinak, halere, urtearen aro guztietan.

Udaberrian erlea ugaltzen eta gorakadan abiatzen denean, familia handitzen doanez, sekulako elikagai-gordailua bildu behar dute etxera, hau eztia, polena edo urez hornitzen dutelarik.

Eztia da, esan beharrik, erlearen berezko janaria, eta eztiaren pareko gutxiago ez behintzat, polena.

Elikagai bizigarria du erleak eztia, baina proteinak ere behar-beharreko dituenez, hazigarri gertatzen zaio polena, umeari bereziki.

Bestalde, ohar erlea dela, besteak beste, etxabereen artean (egun ganaderitzaren barne kontsideraturik dago erlea), bere burua elikagaien aldetik defendatzeko, beretzat gordailu egoki bat hornitzeko gai den bakarretarik, esaterako, behiak, hegaztiak... ez bezala.

Erlezainaren ikuspegitik hartzen badugu erlearen elikagai arazoa, bestela esanik, janari artifiziala, bi eratakoa izan daiteke: elikai suspergarria edo estimulatzailea esaten dena, udaberrian edo erregin berri bat kilikatu nahi denean erabili ohi duguna (erdia eta erdia, kilo bat azukre eta litro bat ur) eta negurakoa (bi eta bat, bi kilo azukre eta litro bat ur).